Eragin pedalei Bidasoa ondoan
Hondarribia eta Irun
Euskadiko ibilbiderik ikusgarrienetako bat da Bidasoako Bide Berdea, bai bertako paisaiarengatik, bai tunelek eta ondoko ibaiak gordetzen duten historiarengatik.
Ia laua den, hariztiz eta pagadiz inguratuta dagoen eta Bidasoa ibaiaren ibilgua bidelagun duen ibilbide hori, txirrindularientzat eta oinezko ibiltarientzat egokituta dago eta Bidasoako trenbide zaharra ("Tren Txikitoa" maitekiro deitua) berreskuratzen du.
Sortzez Berako meategietatik Pasaiako portura eta Irungo geltokietara burdina-minerala eramateko eraiki bazen ere, gaur egun oinezko ibiltarientzat berreskuratuta dago. Trenbideak metro bateko zabalera zuen, trenbide estua zen beraz, eta hortik datorkio "Tren Txikitoa” izena.
XX. mendearen hasieran, linea Elizondoraino luzatu eta pertsonak garraiatzeko egokitu zen. Haren eragina erabakigarria izan zen Bidasoa Bailarako herrien komunikaziorako, baina autoak agertu eta errepideak hobetu zirenean defizitario bihurtu zuten. 1956an, uholde bortitz batek kalte handiak eragin zizkion azpiegiturari, eta trenak betiko utzi zion zirkulatzeari.
Hamarkadatan bertan behera utzita egon ondoren, ibilbidea berreskuratu egin zen mendi-ibiltari eta txirrindularientzako, eta mugikortasun urriko pertsonentzako ere egokitu zen Bide Berdeen programaren barruan.
• Luzera: 39 km inguru (Irun eta Oieregi/Bertiz artean).
• Zailtasuna: Oso txikia. Trenbide ohia izanik, maldak oso txikiak dira.
• Ingurunea: Baso atlantikoak, tunel argiztatuak eta Nafarroako arkitektura tradizionala duten herrixkak.